• Vimeo
  • Twitter

Bloga

Geletako saioak: Irakasleak eta ikasleak elkarlanean

2016/02/29

Pasa den otsailaren 22an Haziak egitasmoko saioei hasiera eman zitzaien Haurtzaro ikastolan, LH2ko, LH5eko eta LH6ko gela guztietan. Txikienen kasuan enpatia gaia da landu dutena eta LH5-6ko gelatan aldiz, norbanakotik talde funtzionamendura pasatzea eta lidergoa.

Lehenengo saioa hasi baino lehen gela guztiek gaiari buruzko galdetegi laburra osatu zuten. Galdetegi honek gaian kokatu eta hasierako iritziak eta jarrerak biltzea ahalbidetzen die bai Haziak-eko dinamizatzaileei zein irakasleei. Ondoren saioek metodologia jakina jarraitu dute.

Saioen metodologia orokorra

Saio guztiek egitura berdin dute:

  1. Barruan: Haurra bere buruan kokatu ahal den neurrian kanpoko eraginetatik urrunduz.
  2. Kanpoan: Gaia edo egoera bat aurkeztu.
  3. Barruan: Gaia edo egoera bakarka lantzeko aukera
  4. Kanpoan: Taldeko dinamika

LH2koen kasuan “Igel marroitxo” ipuina landu dute. Lehen bi saioen hasieran “Barruari begira” bideo eta audio laburra ikusi eta entzun dute haurrek (lehen saioan bideoa eta bigarren saioan audioa). Material honen helburua haur bakoitza bere barneari begira jartzea da. Horren ondoren, saio bakoitzeko lanketarekin hasi ziren. Lehen saioan ipuinaren hasiera irakurri zieten irakasleek eta eurek taldean amaiera proposatu behar izan zuten. Bigarren saioan ipuinaren hasiera eta amaiera irakurri zieten eta eurek korapiloa proposatu zuten. Azken saioan ispiluaren jolasa egin ondoren, ipuina osorik irakurri, gelan komentatu eta haurren iritzia ateratzeko dinamika jarri zen martxan eta gelan komentatu zuten. Haurren parte-hartze maila eta sortutako erantzunen arabera, irakasleek dinamika beste saio batzuetara luzatu zuten. Saio guztiak haurrak egoeran kokatuta martxan jartzeko ekintza batekin hasi ziren. Nagusiki Haziak proiekturako bereziki sortutako Barrurako bidean material sorta erabili da horretarako.

LH5 eta LH6ko ikasleen kasuan,  LH2koen lanketa bera egin dute, baina BarruKLIK komikiaren inguruan eta azken saioen dinamikak adin horretara egokituak egon dira.

Lanketaren ondoren ikasle bakoitzak gogokoen duen askebidea aukeratu du: Esan ipuinekin, Esan rap-arekin, Esan gorputzarekin eta Esan irudiekin. Askebide hauen bidez norberak bere barne mundua azaleratzea da helburua. Horretarako arlo desberdinak jarri dira martxan, haur guztiak desberdinak direlako eta batzuek irudien bidez komunikatzea gustukoago duten bitartean, beste batzuek adibidez, gorputzarekin egitea nahiago dutelako.

Ondoren gaiak etxean landu dituzte, gaiekiko gurasoen inplikazioa eta ekarpena bideratuz. LH2ren kasuan gelan egindako igela eramango dute etxera. Helburua da etxean, gurasoen laguntzarekin, igelari egoera desberdinetan argazkiak ateratzea eta argazki horiek ondoren eskolara eramatea. LH5-6koen kasuan euren gurasoekin landuko dute komikia eta etxean gaiari buruzko elkarrizketa izatea da helburua, haurrek galderak eginez eta gurasoak erantzunez. Etxeko lanketak berebiziko garrantzia dauka, guraso eta haurren arteko elkarrizketa ematea ahalbidetzen baitu, gurasoak ere lanketaren parte bilakatuz.

Lanketa honek guztiak ematen duenarekin sozializazio ekintza bat burutzea da helburua, eskolan egindako lanketa herrira zabalduz. Ekintza honen gidaritza Lur Kortak eramango du.

  • Partekatu:
  • facebook
  • twitter

Material osagarria:

  • LH2ko saioetako argazkiak
  • LH2ko saioen metodologia
  • LH5-6ko saioen metodologia

Erantzuna bidali

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera

2016 · Haziak
Creative Commons BY-NC-SA 3.0
Webgune honetan dagoen edukia kopiatu, banatu, lan eratorriak sortu eta jendaurrean zabal ditzakezu, beti ere egiletza aitortuz eta baldintza beretan egiten baduzu.