• Vimeo
  • Twitter

Haziak > Eragileak

Haurrak ezinbesteko hartzailetzat dituen egitasmo honetan, metodologia eta material zehatza landu dute hainbat eragilek elkarlanean. Haziak egitasmo bizia da eta ondorioz eragile desberdinak gehitzen joan daitezke beharren arabera. Hauxe oraingoz osatua dagoen sarea:

Koordinazioa

Koordinazioa

Sustapena

Sustapena

Hartzaileak

Hartzaileak

Materiala

Materiala

Askebideak

Askebideak

Aholkulariak

Aholkulariak

Norbanakoak

Norbanakoak

Entitateak

Entitateak

Guztiak


IAMETZA INTERAKTIBOA S.L.

Teknologia berriak erabiltzen dituen komunikazio enpresa izanik, Iametzak garbi ikusten du hezkuntza ulertzeko modu eta planteamenduetan hutsune ugari daudela. Era berean garbi ikusten du haurrentzako euskarazko produktu digital eta interaktiboen merkatuan hutsuneak daudela. Horregatik esparru horretan azken urteetan egitasmo desberdinekin esperimentatzen ari da (Ordizia Ezagutzen, Munduko Ipuinak, Birziklatu jolasa, Txantxarien Errezetak. Hala, eta balioetan oinarritutako gizartea hezten eta hazten lagundu daitekeela sinisten duelako bat egin du Haziak egitasmoarekin eta bertan zeregin teknologikoen ardura du: webgunea, on-line ebaluazioak, APPa…

HAURTZARO IKASTOLA

Haurtzaro Ikastola Oiartzunen kokatuta dago. Gaur egun 0-3 zikloan 130 haur ditu eskolatuak eta 3-16 etapetan 860 ikasle. Euskal Herriko Ikastolen Europar Kooperatibaren partaidea da. Haurtzaro ikastolak merezi duen garrantzia ematen dio, eta eman nahi dio, BIZIKIDETZA EDO ELKARBIZITZARI. Horren adibide dira ikastolan esparru honetan eman diren urratsak: IKASTOLAKO BIZIKIDETZA BEHATOKIA, IKASTOLAKO BIZIKIDETZA BATZORDEA, etapa bakoitzeko TUTORETZA PLANA, TRATU ONA gurasoek egitasmoa, irakasle eta jantokiko hezitzaileak lantzen ari diren GOLDEN5 egitasmoa eta orain martxan jarri berria den HAZIAK proiektua ere.

ABARAXKA LUDOTEKA

Abaraxka ludotekak zazpi oinarri, balio eta ezaugarrien gainean egiten du lan: aisialdi hezitzailea; euskaldun izaera; aniztasuna eta parekidetasuna; naturaren eta kulturaren zaintza; haurren parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena; herria, komunitatea eta auzolana. Lau eskaintzetan garatzen da (6-12 urte arteko haurrei zuzendutako Abaraxka haur-txokoa, 3-5 urte bitarteko haurrei eta beraien gurasoei zuzendutako familia eremua, 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako udaleku irekiak eta larunbatero, aste santuko eta gabonetako jai egunetarako Abaraxka ibiltaria).

DEJABU PANPIN LABORATEGIA

Dejabu Panpin Laborategia antzerki sortzailez osatutako konpainia oreretarra da. 2001ean Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok sortu zuten eta 2010. urtetik Miren Alkala gehitu zitzaien taldean. Kolektiboki hainbat antzezlan sortu dituzte, beti ere antzerki fisikoa eta txotxongilogintza ardatz hartuta. Konpaniako kideek sormen prozesu guztian hartzen dute parte: idazketa, zuzendaritza, argiztapena, antzezpena eta abarretan. Errealitatea poetikoki adieraztea xede duen antzerkia da eurena. Haziak egitasmoan bideoek ere garrantzi berezia dute, kontatu nahi den horrek ikus-entzunezkoen bidez beste adierazpide bat izango baitu.

ANTIJU MORIK

Euren burua gazte feminista bezala definitzen duten pertsonek osatutako taldea da, 2012an eratua eta mundua eta herria betaurreko feministen kristaletatik begiratzeko helburua dutenak. Sare feminista ezberdinen parte hartzen dute. Oiartzungo emakume feministen asanbladako parte dira, baita eskualdeko mugimendu feminista elkartzen den guneetakoa ere. Eta harremana dute Euskal Herriko bilgune feministarekin. Jakitun dira heziketak duen garrantziaz eta heziketa feminista jasotzeko dauden oztopoak presente edukita eskola feministari ateak zabaldu zizkioten 2014an, eskola feminista eratuz. Egitasmo honetan garrantzi berezia dute, berdintasunaren ikuspegia lantzeari dagokionez.

ETXE GIROAN

Narrazio laburrak, poemak, liburuen pasarteak eta haurrentzako ipuinak grabatu eta editatzen dituzte Etxegiroan egitasmoaren atzean daudenek, musikaz batera. Maria Uriarte, Tomas Fernando eta Osoitz Elkorobarrutia dira pasioa, mimoa eta konpromisoa darien narrazio musikatuen atzean daudenak. Haziak egitasmoaren baitan sortutako materiala ikusi ezin duten haurrei ere gerturatu nahi zaie. Hala, sortutako ipuina eta komikia musikatu eta guztien bihotz-belarrien gozamenerako produktu bilakatuko dute Etxegiroan-eko lagunek.

DIXIDU DISEINU GRAFIKOA S.A.L

Eneko Salaberria (Oiartzun, 1981) da Dixidu Diseinu Grafikoa enpresaren arduraduna eta sortzailea. Diseinu Grafikoan Goi mailako ikasketak ditu. Miamin ere egona da, bertako Camacol-eko (Cámara de Comercio Latino) diseinu grafikoko arduradun lanetan. Euskal Herrian Errenteria-Oreretako Sodimar-Larrutx kopia eta paper-dendan lan egin zuen bost urtez. 2008an Dixidu Diseinu Grafikoa sortu zuen. 2010az geroztik, Lanku Kultur Zerbitzuak eta Bertsozale Elkarteko diseinatzailea ere bada. Haziak egitasmoaren baitan sortutako hainbat euskarri fisikoen maketazioaz arduratu da, besteak beste “Igel marroitxo” ipuina eta “BarruKLIK” komikia.

OIARTZUN IRRATIA

Oiartzun Irratiak 16 urteko ibilbidea du, herrian modu aktiboan lanean. Gainera, Euskal Herriko beste irrati libreekin harremana dauka eta elkarren artean programak partekatzen dituzte. Oiartzun Irratia Haziak egitasmoaren herri mailako sustapenaz eta zabalkundeaz arduratuko da.

OIARTZUNGO UDALA

Oiartzungo Udalaren lan ildo garrantzitsuenetakoa da oiartzuarren ongizatea. Gaurko haurrak izango dira biharko helduak herri honetan, eta umetatik euren arteko harreman osasuntsuak eta orekatuak bultzatzea ezinbestekoa da etorkizunean nahi dugun herri eredua bermatzeko. Horregatik, Oiartzungo Udaleko Gazteria sailak Haziak proiektua babestu du. Hezkuntza formalak duen garrantziaz gain, hezkuntza ez-formalak duen pisuaz jabetuta dago Oiartzungo Udala. Ildo horretan martxan dituen egitasmoen (Abaraxka ludoteka, udaleku irekiak, Eskola Kirola, Eskola Agenda21…) osagarri eta aberasgarri izango da Haziak egitasmoa.

ANTZA KOMUNIKAZIO GRAFIKOA S.A.L

Arte Grafikoetan aritzen den enpresa da Antza. Liburuak, aldizkariak, kartelak, diptikoak, triptikoak eta bestelako euskarri grafikoak maketatu, diseinatu eta inprimatzen ditu. Haziak egitasmoko inprimaketa lanak burutu ditu.

AZTIKER

Aztiker ikergunea, Ikerketa Soziologikoan espezializatutako eta tokian tokiko errealitate zein beharretara egokituriko ikerketak egiten dituen kooperatiba da. Aldaketa sozialerako, politikorako eta kulturalerako tresna gisa ulertzen dute Soziologia.

Herritarrak erdigunean kokatu eta partaidetza oinarri izango duen kultura politiko berrian sinisten dute eta euren lan jarduerak bide horretan aurrera egiteko tresnak eskaintzen ditu. Haziak egitasmoan haurrei eta gurasoei zuzendutako galdetegiak osatzen lagundu dute.

NORA BARROSO

Orereta, 1978. Doktorea. Egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Ikerkuntza zientifikoan ingeniaritza bioinspiratuan eta hizkuntzalaritza konputazionalaren arlotan murgilduta dago eta ahotsaren ezagutzarako gaietan espezializatu da. Herri ekimen parte-hartzaileetan zein barne-proiektu pertsonal ezberdinetan lan egin du doinuak, kantak, ipuinak, olerkiak eta dantzak sortuz. Kimutx proiektuko sortzaile eta garatzaileetako bat da bai eta OarsoIrriak proiektuko partaidea. Argia astekariko blogaria da eta Etzi portu maritimoan idazten du. Haziak egitasmoko dinamizatzaileetako bat da eta beronen definizioan eta sorkuntzan parte hartu du. Era berean, 'BarruKLIK' komikiko gidoilaria da Nekane Martiarenarekin batera.

NEKANE MARTIARENA

Oiartzun, 1969. Psikologian lizentziatua. Haur eta gazteen munduan murgildua, bai proiektu berriak sortzen bai eta dauden beste hainbatetan parte hartuz…. 2012tik Oarsoirriak egitasmoan lanean ari da. Oiartzungo haurren balio anitzeko zerbitzuaren koordinatzailea da. Hau da, 3-5 urte artekoen familia eremua, 6-12 Abaraxka ludoteka, Ludoteka ibiltaria eta Udaleku irekien proiektuen sortzailea, koordinatzailea eta hezitzailea. Sendabelarrekin ikastaroak ematen ditu eta hedabide desberdinekin kolaboratu izan du. Nora Barrosorekin batera, Haziak egitasmoko dinamizazio, definizio eta sorkuntza lanetan dabil. Era berean, 'BarruKLIK' komikiko gidoiaren egilea da Nora Barrosorekin batera.

EIDER EIBAR

Zornotza, 1980. Haur eta gazte literaturako ilustratzaile, margolari eta marrazkiz inguratuta bizitzea gustoko duen neska dantzari eta langilea da. Berak honela ulertzen du bere lanbidea eta bizitza: ‘Denok dugu gure tokia, bertan zoriontsu zaren hori da, nirea arkatz eta margoz beterik dago, batzutan kolore bat bukatzen da edo ez dut segi beharreko bidea ikusten. Berdin da, maite ditudan lagunak gogor heldu eta…hara! Hor kolore berri bat!’. Haziak egitasmoko logoak, komikiaren ilustrazioak, materiala eramateko poltsak, bideoetako sarrera eta amaierako animazioak… bere sorkuntzatik etorri dira. "Esan Hormargoturekin" askebidea gidatu egin du. Bere webgunea www.eidereibar.eus da.

ODEI ASTIBIA

Oiartzun, 1983. Musikari eta perkusionista da. Perkusio etnikoko eta Afrikako perkusio ikastaroak egin ditu. Bateria ikasi du Pako Díaz-ekin, Javi Area-rekin, Iñaki Montserrat-ekin eta Pepe Sánchez-ekin. Egun Zo-Zongó taldean dabil eta bertan Rockalean eta KolpezBlai perku show proiektuetan murgilduta dago. Oreka TX taldean ere parte hartzen du, baita Donostiako Orfeoian ere. Da Capo kooperatibako zuzendarietako bat da eta baita Musikari elkarteko kidea ere. Musika eta mugimendu ikastaroak eman ditu, gorputz perkusioa eta Afrikako perkusioa. Haziak egitasmoaren baitan haurrentzat diseinatutako “Esan gorputzarekin” askebidea gidatuko du.

LUR KORTA

Oiartzun, 1978. Arte Dramatikoko ikasketak egin ditu. NAE Nafarroako antzerki eskolan Interpretazioa espezializazioa. Antzerki eskola amaitu zuenetik, eskola eta kultur etxeetan antzerki saioak ematen dabil, adin guztietan, haur, gazte eta helduekin. Leitzako helduen tailerra eta Oiartzungoa zuzendu ditu. Antzerkian ibilbide luzea du (“Pottola”, “Ai ama!!”, “Rum rum rock””…). Antzerki lanez gainera, herri desberdinetan ipuin kontalari ere aritu da, gehienetan euskaraz eta haurrentzat. Dagoeneko 300 saio baino gehiago egin ditu. Ipuin saio desberdinak ditu: “Aurorita beti polita”, “Ipuinekin jolasean”... Haziak egitasmoaren baitan haurren antzerki sorkuntza prozesua gidatuko du.

ODEI BARROSO

Urruña, 1988. Bertsolaritza irakasle gisara egiten du lan Bertsularien Lagunak Elkartean. Oso gustuko du haurrekin lan egitea. Jolasaren bidez haurrei hizkuntzaren adierazpen motak transmititzen saiatzen da, haur eta gazteak hizkuntzaren erabilpenera eta sorkuntzara bideratuz. Bere denbora librean bertsotan eta rapean aritzen da. 2zio rap taldeko partaidea da. Haziak egitasmoan 'Esan rap-arekin' askebidea gidatuko du.

IDURRE UGALDE, Maitri

Orereta. Arte Ederretan lizentziatua da eta Hezkuntza Sortzailean formatua. Arte plastikoen munduan lan esperientzia zabala du: Koldo Mitxelena Kulturuneko Erakustaretoko haur eta helduentzako bisita gidatuak, programa didaktikoen diseinua, material didaktikoaren diseinua, erakusketen muntaia, Artista Berrien Erakusketaren eta Katalogoaren koordinazioa, erakusketen produkzio lana…; kulturetxe eta eskola desberdinetan plastika tailerrak; Tallerra, Hezkuntza Sortzailerako Espazioaren zuzendaritza eta dinamizazioa; Paleike, paletekin egindako altzarien diseinua eta eraikuntza… Haziak egitasmoan 'Esan irudiekin' askebidea gidatuko du.

JOANA TELLETXEA

Orereta, 1986. Fisioterapia ikasketak egin zituen Ramon Llull unibertsitatean, Bartzelonan. Bestelako prestakuntza osagarriak ere baditu. Besteak beste, erditzeari lotutako fisioterapian, zoru pelbikoan, errehabilitazioarako pilates metodoan… Gaur egun Osakidetzan eta 2013an berak eta beste kide batek sortutako Ondu Fisioterapia zentroan egiten du lan. Haziak egitasmoan haurrek euren barne mundua aurkitzen laguntzeko prestatu den 'Barrurako bidean' bideoaren eta audioaren osaketan parte hartu du.

PELLO AÑORGA

Oiartzun, 1956. Donostiako Irakasle Eskolan ikasi ondoren, irakasle lanetan aritu zen Oiartzungo Ikastolan (1976-86). Ikastola utzi eta ipuinak kontatzen hasi zen buru belarri. Eskoriatzako Irakasle Eskolan Haur Liburu Mintegiaren sortzaileetako bat izan zen. Bestalde, hainbat proiektutan parte hartu du: lehen Haur Liburu Aretoak diseinatzen, Galtzagorri elkartea sortzen, Irakur Gidak plazaratzen... eta, batez ere, ipuin kontaketari buruz ikastaroak eskaintzen. Idazle modura, haur literatura landu du. Sariak ere lortu ditu. Besteak beste: Etxepare saria (Gerlari Handia, 2007); edota Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria (Jenio gaiztoa, 2008). Haziak egitasmoaren baitan “Igel marroitxo” ipuinaren gidoia sortu du.

JON MARTIN

Oiartzun, 1981. Publizitatea eta Harreman Publikoetan lizentziatua, Haur Hezkuntzan graduatua eta Psikodidaktikako masterreko ikaslea da. Seaskan egiten du lan gaur egun eta aurretik Bertsolaritza irakasten zuen Hezkuntza Arautuan. Kutxa Ekoguneko Komunikazio arduradun eta Mihiluzeko gidoilari gisa lan egina da eta kazetari moduan hedabide ugaritan aritua. Bertsotan esperientzia eta eskarmentua du eta zenbait liburu argitaratu ditu (Ero, 2007). Beira taldeko abeslari moduan bi diska kaleratu ditu. Haziak egitasmoko ipuinaren sorkuntza prozesuko hasierako ekarpen fasean parte hartu du.

IDOIA BERATARBIDE

Oiartzun, 1977. Arte ederretan lizentziatua, pintorea eta ilustratzailea. Hainbat liburu ilustratu ditu haur eta gazte literaturan, azkena "Lur beldur" (2015- denonartean) . Helduen literaturan azkena "Bihotzero" (2015). Pinturaren arloan "Denboraren itzala" (2013-15) izenekoa du erakusketarik berriena. Arte eszenikoetan Metrokoadroka taldearekin, oholtza gainean zein arropak eta eszenografiak sortzen egiten du lan. Haziak egitasmoaren baitan “Igel marroitxo” ipuinaren ilustrazioak egin ditu.

GARBIÑE UBEDA

Ibarra, 1967. Kazetaria, idazlea eta diseinatzailea. Egun Argiako kide da eta Berriako zutabegilea. ETBko Azpimarra saioan eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan ohiko kolaboratzaile lanetan ere aritzen da. Haziak egitasmoan LH2ko haurrei egin beharreko galdetegian txertatu beharreko irudiak sortu ditu, jolas gisa gelan lantzeko.

LOREA AGIRRE

Beasain, 1968. Informazio Zientzietan eta Antropologian doktore-gai da Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun, Jakin aldizkariko zuzendari da. Argia, Euskaldunon Egunkaria eta Berrian aritu da kazetari. EHUko Informazio Zientzien fakultatean eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean irakasle izan da, eta fakultate bereko Sorguneak ikerguneko kidea. Oarsoaldeko Irrien Lagunak proiektu hezitzailean parte hartu du 2010etik 2013ra. Eta lan horren ondorio, 'Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen' (Herri Hezitzailea, 2015) liburuaren egilea da. Haziak egitasmoan aholkulari lanetan ari da.

JON ARECHALDE

Donostia, 1990. Betidanik ikus-entzunezkoen zalea. Errealizazioa eta 3D animazioa ikasi eta gero proiektu desberdinetan hartu du parte bai kameraren atzean baita honen aurrean ere. Grabaketak, muntaiak, postprodukzioak, kartelak, logoak... Ikus-entzunezko generalista bezala deskribatzen du bere burua Linkedineko profilean. Musika, lagun eta kirolzalea. Egungo diseinu grafikoko joeren berri edukitzeko beharra sentitzen du. Haziak egitasmoan ‘Barrurako bidean – Arnasketa, erritmoa, kolorea’ bideoko ostadarraren animazioa osatu du. Bere kanaletik agurtzen zaitu.

AXUN ERTZIBENGOA

Errenteria-Orereta, 1972. Komunikazio Zientzietan lizentziatua, Kazetaritzako espezialitatean, Leioan. Kazetari lanetan aritu zen 1993tik 2009ra arte. Kazetaritzako ibilbidea, eta lanekoa oro har, beti, euskararekin lotu izan ditu; hala, praktikak egiten hasi eta langile moduan jarraitu zuen Euskaldunon Egunkarian 2003ko otsailean itxi zuten arte. Euskadi Irratian ere aritu da ordezko gisa lanean. 2009an, kazetari lana utzi eta Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunean hasi zen lanean. Ordutik bertan ari da euskararen erabilera indartzeko proiektu ezberdinetan lanean. Haziak egitasmoan ere horretan hartu du parte, euskarazko testuen zuzenketak eginez.

MENDI URRUZUNO

Orereta, 1971. Urte askoan aisialdiarekin lotutako lanetan aritu da. Hala, ludoteka eta udaleku irekietan koordinatzailea izan da. Oso gaztetatik argazki kamera beti ondoan izan zuen, eta azkenik, Argazkilaritza Ikasketak Donostiako IVASFOT -en egin zituen. Argazki erakusketa ezberdinetan parte hartu du, bai kolektibo zein bakarkakoetan:
Hondarribiko Modotti galerian, Hernaniko Biteri kulktur etxean... Egun, Albaola itsas kultur faktorian argazkilari lanetan dabil. Oarsoirriak egitasmoan  argazki eta bideo lan ezberdinetan ere parte hartu du. Haziak egitasmoan ‘Barrurako bidean – Arnasketa, erritmoa, kolorea’ bideoaren edizio lanetan parte hartu du. Bere webgunea www.mendiurruzuno.com da.

MARINA PINTOS

Pianoan lizentziatua, Piano Interpretazioan Masterra Arizonako Unibertsitatean, Yogako irakasle ikasketak Zestoako Sanatana Dharma eskolan, Garapen Pertsonalean Orientatzailea, Emozio-Energia Terapeuta.

Haur eta helduei yoga irakatsi eta lan terapeutikoa egiteaz gain, azken urteetan Hezkuntza Elkarteei egokitutako formakuntza tailerrak zuzentzen ditu.

Emaila: marinapintos@hotmail.com

Moro

Stepi

2016 · Haziak
Creative Commons BY-NC-SA 3.0
Webgune honetan dagoen edukia kopiatu, banatu, lan eratorriak sortu eta jendaurrean zabal ditzakezu, beti ere egiletza aitortuz eta baldintza beretan egiten baduzu.