• Vimeo
  • Twitter

Kontaklik

Sortu zure ipuina

Kontaklik

Kontaklik ukimenezko pantailak dituzten gailuetan (bai Android zein IOS sistema eragileak dituztenak), zein mahai-gaineko ordenagailuetan erabiltzeko materiala da. Material hau Lehen Hezkuntzan erabiltzeko pentsatua dago, Haziak egitasmoaren metodologian erabiltzeko baliabide osagarri gisa.



Haziak proiektuaren barruan lau ‘Askebide’ diseinatu dira (‘Esan ipuinekin’, ‘Esan irudiekin’, ‘Esan rap-arekin’ eta ‘Esan gorputzarekin’). Kontaklik egitasmoa lehenengo bietan erabiltzeko pentsatua dago, tailer horietan ematen diren dinamiken osagarri gisa.

IRAKASLEENTZAKO GIDA   



Kontaklik nola erabili ulertzeko funtsezkoa da lehendabizi Haziak egitasmoaren metodologia orokorra azaltzea eta ulertzea, metodologia horren barnean kokatu behar baita Kontaklik materialaren erabilera.

1. saioa 2. saioa 3. saioa

Gaiak

Enpatia
7 urtera arte
Harremanen kudeaketa
7 urtera arte
Lidergoa eta talde funtzionamendua
12 urtera arte

Erabilera gida

Haziak metodologia orokorraren barnean haurrek beren barne mundua ezagutu eta hori azaleratzeko tekniketara gerturatzen dira, besteekiko harremanen mundu konplexu horri tresna indartsuagoekin aurre egin ahal izateko.

Behin lanketa hori burututa, norberak gustuko duen adierazbidea erabiliz, teknika horietan sakontzea da helburua, horretarako tailer edo askebideak erabiltzen dira. Askebideen helburua haur bakoitzak bere barne mundua azaleratzea da. Horretarako arlo desberdinak jarri dira martxan, haur guztiak desberdinak direlako eta batzuek irudien bidez komunikatzea gustukoago duten bitartean, beste batzuek adibidez, gorputzarekin egitea nahiago dutelako.

Honako askebideetan erabiliko da Kontaklik materiala:

  • Esan ipuinekin: Askebide honen helburu orokorra haurrari bere barnean duena askatzeko bidea ipuinak sortuz irekitzea da. Bere erara, teknika desberdinen bidez ipuinak sortuko dituzte haurrek, gai desberdinak landuz eta barruan duten hori azaleratuz.
  • Esan irudiekin: Askebide honen helburu orokorra haurrari bere barnean duena askatzeko bidea marraztuz irekitzea da. Haurrari esaten zaio hartu pintzela, hartu margoa eta egizu nahi duzun hori. Inork ez dizu zer egin behar duzun esango… inork ez dizu esango egin duzun hori egokia den edo ez. Tarte hau zure nahiak aurrera eramateko tartea da. Besteen aldamenean eta zureaz jabetuz.

Esan ipuinekin askebidean izena eman duten haurrek hasieratik landuko dute Kontaklik materiala, aldiz Esan irudiekin askebidea erabili dutenek bigarren fase batean landuko dute. Une batean, Esan ipuinekin askebidean izena eman duten haurrak Esan irudiekin askebidean izena eman dutenekin elkarlanean arituko dira.

 

Esan ipuinekin askebidean irakasleak Kontaklik nola erabili dezakeen azalduko die haurrei. Horretarako ondoren zehazten dugun erabilera gida erabili beharko du irakasleak. Bertan azaltzen da urratsez-urrats nola erabili behar den aplikazioa ipuin bat sortzeko.

 

Erabilera gida hori haurrei zuzendua dago. Gure aholkua da, berau inprimatu eta lehen saio bat antolatzea urratsez-urrats haurrek adibideko ipuina sor dezaten [Tximista]. Lehen ariketa horri esker haurrek aplikazioaren mekanika ezagutuko dute lehen eskutik eta ondorengo ariketak egiteko autonomoagoak izango dira.

 

Behin adibideko ipuinaren ariketa eginda, haurrek bakarka zein taldeka lan egin dezakete euren ipuinak sortzeko. Proposamena da ariketa desberdinak sortzea eta horietako bat Esan irudiekin askebidean izena eman duten haurrekin batera burutzea. Hala, honako ariketa mota desberdinak proposatzen dira:

 

  • Esan ipuinekin askebideko haur bakoitzak bere ipuina sortzea.

  • Esan ipuinekin askebideko haurrak taldeka antolatzea eta talde bakoitzak bere ipuina sortzea. Talde bakoitzak zehaztu beharko du funtzionamendua, nola egingo duten lan, lanak nola banatuko dituzten…

  • Esan ipuinekin askebideko haurrak eta Esan irudiekin askebideko haurrak elkartzea, taldeak antolatzea eta talde bakoitzak bere ipuina sortzea. Taldean bertan. Talde bakoitzak zehaztu beharko du funtzionamendua, nola egingo duten lan, lanak nola banatuko dituzten…

Egileak

Kontaklik materialaren sorkuntzan parte hartu duten egileak:

Aholkularitza pedagogikoa Nora Barroso eta Nekane Martiarena
Ilustrazioak Eider Eibar
Diseinu funtzionala eta garapena Iametza Interaktiboa S.L.

IAMETZA INTERAKTIBOA S.L.

Teknologia berriak erabiltzen dituen komunikazio enpresa izanik, Iametzak garbi ikusten du hezkuntza ulertzeko modu eta planteamenduetan hutsune ugari daudela. Era berean garbi ikusten du haurrentzako euskarazko produktu digital eta interaktiboen merkatuan hutsuneak daudela. Horregatik esparru horretan azken urteetan egitasmo desberdinekin esperimentatzen ari da (Ordizia Ezagutzen, Munduko Ipuinak, Birziklatu jolasa, Txantxarien Errezetak. Hala, eta balioetan oinarritutako gizartea hezten eta hazten lagundu daitekeela sinisten duelako bat egin du Haziak egitasmoarekin eta bertan zeregin teknologikoen ardura du: webgunea, on-line ebaluazioak, APPa… Kontaklik aplikazioaren diseinu funtzionalaz eta garapenaz arduratu da.

NEKANE MARTIARENA

Oiartzun, 1969. Psikologian lizentziatua. Haur eta gazteen munduan murgildua, bai proiektu berriak sortzen bai eta dauden beste hainbatetan parte hartuz…. 2012tik Oarsoirriak egitasmoan lanean ari da. Oiartzungo haurren balio anitzeko zerbitzuaren koordinatzailea da. Hau da, 3-5 urte artekoen familia eremua, 6-12 Abaraxka ludoteka, Ludoteka ibiltaria eta Udaleku irekien proiektuen sortzailea, koordinatzailea eta hezitzailea. Sendabelarrekin ikastaroak ematen ditu eta hedabide desberdinekin kolaboratu izan du. Nora Barrosorekin batera, Haziak egitasmoko dinamizazio, definizio eta sorkuntza lanetan dabil. Era berean, 'BarruKLIK' komikiko gidoiaren egilea da Nora Barrosorekin batera. Kontaklik egitasmoan aholkularitza pedagogikoko zereginak burutu ditu.

EIDER EIBAR

Zornotza, 1980. Haur eta gazte literaturako ilustratzaile, margolari eta marrazkiz inguratuta bizitzea gustoko duen neska dantzari eta langilea da. Berak honela ulertzen du bere lanbidea eta bizitza: ‘Denok dugu gure tokia, bertan zoriontsu zaren hori da, nirea arkatz eta margoz beterik dago, batzutan kolore bat bukatzen da edo ez dut segi beharreko bidea ikusten. Berdin da, maite ditudan lagunak gogor heldu eta…hara! Hor kolore berri bat!’. Haziak egitasmoko logoak, komikiaren ilustrazioak, materiala eramateko poltsak, bideoetako sarrera eta amaierako animazioak… bere sorkuntzatik etorri dira. Kontaklik-en kasuan bereak dira aplikazioak defektuz dakartzan ilustrazio guztiak. Bere webgunea www.eidereibar.eus da.

NORA BARROSO

Orereta, 1978. Doktorea. Egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Ikerkuntza zientifikoan ingeniaritza bioinspiratuan eta hizkuntzalaritza konputazionalaren arlotan murgilduta dago eta ahotsaren ezagutzarako gaietan espezializatu da. Herri ekimen parte-hartzaileetan zein barne-proiektu pertsonal ezberdinetan lan egin du doinuak, kantak, ipuinak, olerkiak eta dantzak sortuz. Kimutx proiektuko sortzaile eta garatzaileetako bat da bai eta OarsoIrriak proiektuko partaidea. Argia astekariko blogaria da eta Etzi portu maritimoan idazten du. Haziak egitasmoko dinamizatzaileetako bat da eta beronen definizioan eta sorkuntzan parte hartu du. Era berean, 'BarruKLIK' komikiko gidoilaria da Nekane Martiarenarekin batera. Kontaklik egitasmoan aholkularitza pedagogikoko zereginak burutu ditu.

Aplikazioa loturak Android / IOS / PDF

2016 · Haziak
Creative Commons BY-NC-SA 3.0
Webgune honetan dagoen edukia kopiatu, banatu, lan eratorriak sortu eta jendaurrean zabal ditzakezu, beti ere egiletza aitortuz eta baldintza beretan egiten baduzu.